XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bainan gure jitea izan baita Jaungoikoaz orhatua, gure jitea, beti, Ongirat itzulia.

Bi Nagusi badaude banderak eskuetan, dio Iñaki Loiolakoak: Debrua eta Jesus Jauna.

Guri hautatzea.

Hautu horrek egiten du gizona.

Uste duenak ez dela Gaizkia landatua ba munduan, ba bere baitan, hura giza gaixo.

Hartaz egiten da irri.

Uste duenak ez dela Ongia landatua ba munduan, ba gure baitan, hura giza gaizo.

Hartaz ez da egiten irri, sobera beldurgarri izeitea gatik.

Lehena ainitz enganatzen.

Bigarrena gehiago.

Lehena oker, bigarrena itsu.

Freud-en arabera, gizonaren ekeia, gutizia, eta gutizia guzien mamia, libido, lohikeria edo lizunkeria.

Zapa zazu gutizia eta jalgiko zitzaitzu, edo maskatua ametsaren barnean, edo bidean gordea, makurtzen dauzula hitz bat, huts egin arazten urrats bat.

Zapa zazu gehiago, eta ezarriko zaitu eri, sendatzeko beharko baituzu zure bortxari ohartu, eta ohartuz zapadura desegin.

Bortz urteak gabe, pizten da mutikoan Edipen koropiloa, nexkatoan Elektren koropiloa.

Mutikoak ama oso-osoa beretzat nahi, eta mutikoak ikusten, tenor berean, ama osoki aitari buruz dagola.

Hargatik mutikoak aita ezin ikus, koropilo hori desegin arte.

Orobat nexkatoak ama berdin hastial.

Semeak aita hil nahi.

Alabak ama.

Beha eta beha egon naiz miletan putiko kozkor tipieri jakiteko heia Freud-ek dituenez gauzak ongi agertu.

Ez zait iduri.

Mutiko tipia ez ditake baztert aitaren zangoetarik.

Nigarrez ari bada, laster amaren ganat; beldur bada, jo aitaren ondorat.

Aitari beha dago aho xilorat, ahur barnerat.

Aitak errana, zuzena.

Aitaren lana, erakaspena.

Zafraldi bat emanen dioia azkarrago batek, eta haurrak jalgiko dio: Ago, erranen diat ba aitari.

Ene aitak baitzuen bertze egitekorik, ez nintzan menturatzen hari ene haur goiti beheitien salatzerat, eta ezinbertze horrek zaurtu dauta guti edo aski bihotza.

Izeitea hobeki ikusi duke Adler Suisako gogolariak.

Harentzat gizonak badauka sortzean ainitz nahiaren koropiloa.

Ahaltasunaren nahia dio Nietzsche-ek.

Jainko izeitearen deia derasa Malraux-k.

Haurra sartzen delarik adinekoen mundu kankailean, haundi nahiaren koropiloa ixkuiltzen da, bilakatzeko guti izeitearen koropiloa.

Egonen dea gizona guti hortan? Ez dezake.